Porto Meeting 2025: hizkuntza aniztasuna eta ezagutza askea sustatzeko sarea 

Translate this post

Maiatzaren 21etik 25era bitartean, ek hizkuntza komunitate gutxitu batzuetako ordezkariak, wikimedistak, ikertzaileak, ikasleak eta tokiko garapenaren sustatzaileak bildu ziren Oporton eta Miranda do Douron egindako Porto Meeting 2025 batzarrean. Batzarrak Wikimedia proiektuetatik abiatuta hizkuntza gutxituak indartzea zuen helburu.

Wikimedia Portugalek, Oportoko Unibertsitateko Letren Fakultateak, Miranda do Douroko Udal Artxiboak, Terra-Mater Museoak eta Wikimedia Españak antolatu zuten topaketa hau, eta saio teknikoak, tailerrak, aurkezpen akademikoak eta jarduera komunitarioak egin ziren.

Zientzia irekia, subiranotasun digitala eta justizia linguistikoa lotzeko aukera bat izan zen, Wikimedia ekosisteman hizkuntza horien garapen kultural eta teknologikoa bultzatuko duen sare iberikoa sendotzeko helburuarekin.

Porto Meeting 2025: hizkuntzak guztion topaleku 

Wikimedia proiektuak ez dira ezagutza partekatzeko tresna bat soilik, kulturari eusteko, babesteko eta berreraikitzeko abagune bat ere badira.

Galiziera, mirandesa, extremeñoa, asturiera, okzitaniera, euskara, katalana eta beste hizkuntza askok desabantaila estrukturala dute hizkuntza nagusien aldean. Porto Meeting batzarrak hizkuntza horien balioa eta mundu digitalean egoteko eskubidea aldarrikatu zituen.

Antonio Gregorio Montes, Galipediako partaideak honela laburbildu du batzarraren espiritua:

“Bilera wikimedistetan gertatu ohi den bezala, giro ona nagusitzen da gaia edozein dela ere, eta, aldi berean, aurrerago fruituak emango dituztela espero den harremanak ezartzen dira. Batzarrean parte hartutako hizkuntza eta wiki bakoitza une desberdin batean dago, baliabide desberdinekin, baina bizirik jarraitzeko gogo berarekin.” 

Antoniok hizkuntzalaritzan oinarritutako azalpenak baloratu zituen, batez ere hizkuntza gutxituen dokumentazioan eta balorazioan, hala nola mirandesean eta galizieran. Hizkuntza aniztasuna zaintzeko Lingua Libre eta Spell4Wiki bezalako tresnen garrantzia azpimarratu zuen, eta gazteek Txikipedia bezalako proiektuetan duten funtsezko papera azpimarratu zuen.

Oportotik Miranda do Dourora igarotzeak ikuspegi komunitarioago bateranzko trantsizioa markatu zuen, parte-hartzaileen arteko loturak sendotu zituzten truke informal eta ospakizun kulturalekin, nahiz eta oraindik lankidetza zehatzik definitu gabe geratu zen.

Komunitatea, teknologia eta kultura: ekuazio indartsua

Topaketaren egitarauan era askotako jarduerak egon ziren: Lingua Libreri buruzko tailerrak, Wikidatako lexemak, Txikipedia bezalako proiektuak eta, mirandesaren kasuan, araudi ortografikoak eraikitzeko moduari buruzko azalpenak. Saio teknikoagoekin batera, elkarrizketarako aukera irekiagoak egon ziren, bai eta hizkuntza ospatzen zuten jarduerak ere, hala nola dantzak, kantuak eta ibilaldiak herriko ondarean zehar. 

Mentxu Ramilo, Wikimedia Españakoak honako hau nabarmendu zuen:

Oso interesgarria izan zen Ghanako esperientzia, mirandeserari buruzko proiektu lexikografikoa eta Wikidata eta Abstract Wikipedia bezalako tresnek hizkuntza gutxituak biziberritzen nola lagun dezaketen ezagutzea. Elkarri laguntzeko eta ikasteko sare iberiar bat sortzea da garrantzitsuena.” 

Mentxuk 2025eko Porto Meeting batzarretik ateratako ikaskizunen aberastasuna nabarmendu zuen. Bereziki hunkigarria iruditu zitzaion Tomás Antolín extremeñoan entzutea, Güiquipedia hizkuntza hori ikasteko eta biziberritzeko bide gisa erabiltzen duen editore gaztea. Gainera, berarentzat, laguntza tekniko eta komunitarioko sare iberiar bat sortzea funtsezkoa da hizkuntza gutxituek Wikimedia ekosisteman espazio sendoa izan dezaten.

Wikimedia Portugaleko Carlos Silvak oso balorazio positiboa egin zuen antolatzaile gisa:

Aurten, mirandes hizkuntzako komunitatearekin benetako lotura instituzionalak ezartzea lortu dugu. Hamarkada bat baino gehiago generaman hori lortu nahian, baina ez genuen lortzen. Oraingoan, gertutasunak fruituak eman ditu.” 

Aurreko edizioarekin alderatuta, aurrerapen handitzat jo zuen Silvak Porto Meeting 2025. Landutako gaien aniztasuna nabarmendu zuen, hizkuntza tekniketatik hasi eta Lingua Libre eta Wikidatako lexemak bezalako tresnetaraino, bai eta Wikimedia Frantziako Hugo Lópezen parte-hartzea ere. Gainera, haren ustez, ostiraleko mahai-ingurua bereziki aberasgarria izan zen, akademikoak baino wikimedista gehiago zegoelako.

Miranda do Douron, lehen aldiz lortu zen lotura instituzional sendo bat Mirandesko komunitatearekin, hainbat urtetan egindako saiakerek huts egin ondoren. Carlosen iritziz, gertuko harreman hori funtsezkoa izan zen, eta lankidetza berrien hasiera markatzen du. Etorkizunean egitekoa den Fiesta de las Lhenguas delako jaia aukera bat izango da iberiar hizkuntza-komunitateen arteko aliantzak ehuntzen jarraitzeko, dio Carlosek.. 

Sortzen ari den sarea 

Koldo Bigurik, Euskal Herritik, argi eta garbi adierazi zuen:

Garrantzitsua litzateke topaketa horietara beren wikipedietan editatzen duten irakasleak ere etortzea. Horiek dira Txikipedia bezalako proiektuak beste hizkuntza batzuetan erreplikatzera errazen anima daitezkeenak.” 

Koldo praised the educational work being done with Txikipedia, the youth version of Basque Wikipedia, promoted by schools through multidisciplinary projects. However, he regretted that this experience is not being replicated in other Wikipedias, possibly due to a lack of connection with teachers in the school setting. He proposed involving teachers who already edit as a way to expand the model. 

Koldok bereziki nabarmendu zuen Txikipediarekin egiten ari den hezkuntza-lana, ikastetxeetatik diziplina anitzeko proiektuen bidez bultzatua. Hala ere, deitoratu zuen esperientzia hori ez dela beste wikipedietan errepikatzen ari, segur aski eskola-eremuko irakasleekin loturarik ez izateagatik. Dagoeneko editatzen duten irakasleak eredua zabaltzeko bide gisa inplikatzea proposatu zuen.

Bestalde, adierazi zuen Iberiar Penintsulako wikipedien arteko lankidetzari eskainitako saioa laburra eta ez oso zehatza izan zela, baina etorkizuneko sinergietarako potentzial handia ikusten du, eta horregatik laster berriro ekin ahal izatea espero duela.

Eta lehen aldiz parte hartzen zutenentzat, hala nola Extremadurako Güiquipediako Tomas bezala, esperientzia eraldatzailea izan zen: 

Hau ez da pantaila baten aurrean egotea bakarrik. Gauza asko egin daitezke. Elkarri lagun diezaiokegu. Horrek aberastu egiten gaitu.” 

Topaketa honi esker, Wikipediako ediziotik haratago ikusteko aukera izan zuen, bai eta, bereziki, lan kolektiboaren zentzua zabaltzen duten pertsona, proiektu eta errealitate desberdinekin konektatzeko ere. Tomasen iritziz, ondoriorik interesgarriena da komunitatea, elkarrekiko laguntza eta elkar aberasteko aukera ere badela Wikimedia. 

Daniel Gordo Rodríguez, Extremeñoko Jarraipen Organokoak Tomas bezalako pertsona gehiago egotea nahi zuela adierazi zuen. Pertsona horiek Güiquipedia erabiltzen dute extremeñoa ikasteko eta Extremadurako kultura dokumentatzeko, gaur egun oraindik zaila baita hori lortzea. Oportoko topaketa inspiratzailea izan zela azpimarratu zuen, teknologiatik haratago komunitatea sortzea bultzatu zuelako, kultura, musika eta bisitak integratuz.

Ekitalditik haratago: epe luzerako konpromisoa

Miranda do Douroko unerik lasaienean ideia informalak eta etorkizunerako lankidetza batzuk loratu ziren. Biquipediako Ana Afonsok gogoeta indartsu batekin amaitu zuen:

Mirandesez hitz egiten, abesten eta dantzatzen dugu. Hizkuntza hau, duela mende asko otoitzetatik ere baztertua izan zena, orain berriz ere indartsu entzuten da. Baina topaketak ez dira nahikoa. Eskoletara joan behar da, unibertsitateetara, eta jende gehiago ekarri Bikipediara. Aurrera egin behar dugu.” 

Ana Afonsok Porto Meeting 2025i buruzko begirada emozional eta sinboliko bat partekatu zuen, mirandesa liturgi hizkuntza gisa instituzionalizatu zela 480 urte bete zirenean. Topaketak inspirazio-iturri eta komunitategintzarako tresna gisa baloratzen dituen arren, ohartarazi zuen hizkuntza biziberritzeak eskola eta unibertsitateetara iristea eskatzen duela, non Wikipediari laguntzeko tresnak dituzten pertsonak dauden. 

Era berean, Lisboako Zientzien Akademiako Ana Salgadok azpimarratu zuen Porto Meeting 2025ek erakunde akademikoen, hizkuntza komunitateen eta Wikimediaren arteko lankidetzaren balioa erakutsi zuela, hizkuntza gutxituak zaintzeko eta biziberritzeko motor gisa. Haren ustez, topaketa mirandesaren kulturan sakontzeko aukera ere izan zen, bereziki António Bárbolo Alvesen aurkezpenarekin, hizkuntza horri buruzko begirada literarioa eman baitzuen.

Porto Meeting 2025: beste urrats bat 

Wikimedia proiektuak hizkuntza-aniztasunaren printzipioan oinarrituta daude. Informazioa eta ezagutza ahalik eta hizkuntza gehienetan eskuratzeko ahalegin kolektibo bat dira. Ezagutzarako sarbidea errazteaz gain, hizkuntza txiki edo gutxituak babesteko ere balio dute.

Porto Meeting 2025 beste urrats bat da -irmoa, kolektiboa eta zirraragarria- Wikimedia anitzagoa, bidezkoagoa eta beren hizkuntzei eusten, beren hizkuntzan sortze-lanetan diharduten eta partekatzen duten herrien errealitatearekin lotuagoa izateko.

Below is more information about this meeting: 

Itzulpena: Koldo Biguri

Can you help us translate this article?

In order for this article to reach as many people as possible we would like your help. Can you translate this article to get the message out?